Estatutuak

LEHENENGO KAPITULUA

1. artikulua.- “ASOVASNA” Iparreko Hematologia eta Hemoterapia elkartea izenarekin eratu da elkartea hau Eusko Jaurlaritzak onartutako Elkarteei buruzko otsailaren 12ko 3/1988 Legean xedaturikoaren babesean eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 9. artikuluan finkatutakoari jarraiki. Aipatu Elkarteei buruzko legearen xedapenak, Estatutu hauek (Legearen aurkakoak ez diren bitartean), elkarteko gobernu organoek behar bezala hartutako erabakiak (Legearen eta/edo Estatutuen aurkakoak ez diren bitartean) eta Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen arauzko xedapenak (soilik ordezkatzeko izaera izango dute) izango ditu ardatz Elkarte honek. Elkarteak ez du irabazi asmorik.

2. artikulua.- Hona hemen Elkartearen xedeak: Bazkideen artean ezagutza zientifikoen trukea eta lan ildo partekatuen sorrera ahalbidetzea, haien onurarako komenigarriak diren ekintzak oro sustatzea eta Elkartekideak maila goragoko instantzietan ordezkatzea.

3. artikulua.- Bizkaiko Medikuen Elkargoan, Bilboko Lersundi kaleko 9. zenbakian, egongo da Elkarte honen helbide nagusia. Batzar Nagusi Bereziak hala erabakitzen badu, beste lokal batzuk eduki ahal izango ditu Elkarteak Autonomia Erkidegoan edo handik kanpora. Zuzendaritza Batzordeak adostuko ditu elkartearen egoitzaren eta dauzkan lokalen leku aldatzeak, eta hala egitera Elkarteen Erregistroari jakinaraziko dio helbide berria.

4. artikulua.- Batez ere Euskal Herriko lurraldearen esparruan garatuko ditu bere zereginak.

5. artikulua.- “ASOVASNA” Iparreko Hematologia eta Hemoterapia izeneko Elkartea izaera iraunkorrarekin eratzen da, eta VI. kapituluan xedaturikoaren edo legeetan aurreikusitako edozein arrazoiren arabera Batzar Nagusi bereziak erabakita baizik ez da desegingo.

BIGARREN KAPITULUA

6. artikulua.- Kide anitzeko elkargo hauen ardurapean egongo dira Elkartearen gobernua eta administrazioa: • Bazkideen Batzar Nagusia, organo gorena. • Zuzendaritza Batzordea, kide anitzeko zuzendaritza organo iraunkorra.

7. artikulua.- Bazkide guztiek osatzen duten Batzar Nagusia da bazkideen borondatea azaltzeko organoa. Ohiko bilkuretan eta bilkura berezietan bilduko da.

8. artikulua.- Batzar Nagusiaren ohiko bilkura urtean gutxienez behin egingo da, bigarren hiruhilekoan, Elkartearen jarduera plan orokorra, aurreko urteko gastuen eta sarreren kontuen egoera eta hurrengo ekitaldirako aurrekontua eta Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzeko. Zuzendaritza Batzordeak, bere aldetik, Batzar Nagusiaren jarraibideen arabera eta haren kontrolpean jardungo du beti.

9. artikulua.- Aurreko artikuluan xedaturikoaz gain, Batzar Nagusiaren eskumenak dira honako hauei buruzko erabakiak: 1. Estatutuen aldaketak, hurrengo artikuluan aurreikusitakoaren arabera. 2. Zuzendaritza Batzordeko kideen hautaketa. 3. Elkartea desegitea, hala behar badu. 4. Beste Elkarteekin Federazioa nahiz Konfederazioa osatzea, edo haietakoren bat abandonatzea.

10. artikulua.- Batzar Nagusia bilkura berezian bilduko da Zuzendaritza Batzordeak berak hala erabakitzen duenean edo bazkideen herenak eskatzen duenean, bilkura egiteko arrazoiak eta helburua adieraziz, eta inolaz ere honako gaien inguruko erabakiak hartu behar direnean: a) Aldaketak Estatutuetan. b) Elkartea desegitea.

11. artikulua.- Batzar Nagusiak, ohikoak nahiz bereziak, biltzeko deialdiak idatziz egingo dira, bilkurak non, noiz eta zer ordutan izango diren azalduko da, baita aztergai zerrenda ere. Deialdiaren eta Batzarra lehenengo deialdian egiteko adierazitako egunaren artean gutxienez hiru egun gordeko dira, eta, bidezkoa balitz, Batzarra bigarren deialdian noiz bilduko litzatekeen adieraziko litzateke, baina lehenengo eta bigarren deialdiaren artean gutxienez 24 orduko epea igaroko da.

12. artikulua.- Batzar Nagusiak, ohikoak nahiz bereziak, lehenengo deialdian eratuta egongo dira bilkurara bazkideen erdia gehi bat bertaratzen denean, eta bigarren deialdian bertaratutako bazkideen kopurua edozein denean.

13. artikulua.- Batzar Nagusien erabakiak gehiengoen botoez hartuko dira.

14. artikulua.- Presidenteak, Presidenteordeak, Idazkariak, Diruzainak eta Batzar Nagusiak erabakitako Kideen kopuru jakin batek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea. Urtean gutxienez behin bilduko dira, eta elkartearen jardueren funtzionamendu egokiak exijitzen duen guztietan.

15. artikulua.- Batzar Nagusiak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordea osatzen duten karguak, eta bi urtez iraungo dute, hark berariaz indargabetzen ez baditu. Kargu horiek mugagabe berrautatu daitezke. Urtero berrituko da aipatu karguen erdia.

16. artikulua.- Honako baldintza hauek bete behar dira Zuzendaritza Batzordeko kide izateko:

a) Estatutuetan aurreikusitako moduan izendatuko dira.
b) Elkarteko bazkidea izan behar da.
c) Adin nagusikoa izan behar du eta eskubide zibilak beren osotasunean gozatu behar ditu.

17. artikulua.- Honako kasu hauetan utziko dute beren kargua Zuzendaritza Batzordeko kideek:

a) Agintaldia amaitzen denean.
b) Dimisioa ematen denean.
c) Bazkide izateari uzten zaionean edo ezintasunen bat denean.
d) Batzar Nagusiak, Estatutu hauen 16. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, baliogabetzea adosten duenean.
e) Hilez gero. Kargugabetze hori a) atalean aurreikusitako arrazoiarengatik gertatzen denean, Zuzendaritza Batzordeko kideek beren zereginak egiten jarraituko dute kargu berriak aukeratuko dituen lehenengo Batzar Nagusia egin arte. b), c), d) eta e) ataletan aurreikusitako arrazoiei dagokienez, behin-behineko izendapenaren bidez hornituko du kargua Zuzendaritza Batzordeak, baina Batzar Nagusiaren esku utziko da izendapenaren berrespena edo baliogabetzea, eta baliogabetuz gero dagokion izendapena egingo du. Elkarteen Erregistroari jakinaraziko zaizkio organo horren osaeran gertatzen diren aldaketa guztiak.

18. artikulua.- Hona hemen Zuzendaritza Batzordearen zereginak:

a) Elkartearen ohiko kudeaketa bideratuko du, Batzar Nagusiaren jarraibideen arabera eta haren kontrolpean.
b) Elkarteak garatu beharreko jarduerak programatuko ditu.
c) Urteko gastuen eta sarreren aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera aurkeztuko dizkio Batzar Nagusiari onar ditzan.
d) Batzar Nagusien bilkuretako Aztergai Zerrenda osatuko du, eta Batzar Nagusiaren ohiko bilkuretarako eta bilkura berezietarako deialdiak adostuko ditu.
e) Bazkideek luzatutako proposamenak edo iradokizunak aintzat hartuko ditu, eta zentzu horretan, beharreko neurriak hartuko ditu.
f) Berariaz Batzar Nagusiari esleitu ez zaizkion beste zereginak.

19. artikulua.- Elkarteko Presidenteak bere gain hartuko du elkartearen legezko ordezkaritza, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak gauzatuko ditu, bi organo horietan bera baita burua.

20. artikulua.- Presidenteak izango ditu berariaz Zuzendaritza Batzordeari edo Batzar Nagusiari esleitu ez zaizkien ahalmenak, bereziki jarraian adierazten direnak:

a) Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak egin beharreko bilkuren deialdia egin eta bilkura horiei amaiera emango die, eta bozketetan berdinketa gertatuz gero, kalitatezko botoaren bidez erabakiko du.
b) Zuzendaritza Batzordeari proposatuko dio Elkartearen jardueren plana, eta haren zereginak sustatu eta bideratuko ditu.
c) Behar bezala adostutako ordainketak aginduko ditu.
d) Premiazko izaeraz sor litezkeen kontuak ebatziko ditu, eta horien berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, azken horrek egiten duen lehenengo bilkuran.

21. artikulua.- Bereziki idazkariaren zeregina izango da Elkartera biltzeko eskaerak jasotzeko eta tramitatzeko modu zehatza finkatzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua eguneratuta edukitzea, eta Akten Liburua idaztea eta gordetzea. Era berean, Elkarteen esparruan indarrean diren legezko xedapenak betetzea zainduko du, Erakundearen dokumentu ofizialak gordeko ditu, Elkartearen Liburuen eta artxiboen edukia egiaztatuko du, eta Zuzendaritza Batzordeko kideen izendapenaren eta elkartearen egoitza aldaketen aurreko aginduzko komunikazioak helaraziko dizkio agintari eskudunari.

22. artikulua.- Diruzainak diru sarreren eta egindako ordainketen berri emango du, urteko sarreren eta gastuen aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera formalizatuko ditu, biak aurkeztu behar baitira Zuzendaritza Batzordearen aurrean, Batzordeak, bere aldetik, Batzar Nagusiari aurkez diezazkion azken horrek onar ditzan.

22. bis artikulua Presidenteordeak lagunduko dio Presidenteari, ordezkatu egingo du aldi baterako ezintasuna badu, eta bere egingo ditu Presidenteak emandako ahalmenak.

HIRUGARREN KAPITULUA

23. artikulua.- Elkarteko kideak izan daitezke Hematologian eta Hemoterapian espezialistak direnak, prestatzen ari diren medikuak, jubilatuak, eta Zuzendaritza Batzordeak onartuz gero, beren jarduera Espezialitatearekin lotutako alorren batean garatzen duten beste lizentziadunak. Bazkide laguntzaileak edo babesleak izan daitezke, aurrez Zuzendaritza Batzordean aldeko txostena jaso bada, Elkartearen helburuen garapenean laguntzen duten pertsonak nahiz erakundeak.

24. artikulua.- Elkartekide izan nahi dutenek idatziz eta bi kideren babesarekin egingo dute eskaera, Presidenteari zuzendua, eta honek Zuzendaritza Batzordeari emango dio eskaeraren berri, Batzordeak erabakiko baitu eskaera onartzea ala ez; halere, gorago jo liteke, Batzar Nagusira, aipatu erabakia hartzeko.

25. artikulua.- Honako eskubide hauek dituzte bazkide guztiek:

1. Elkarteen Legearen eta Estatutuen kontrako erabakien eta jardueren aurka egiteko, berrogei egun naturalen epearen barruan, auzi jartzaileak inpugnatutako erabakiaren edukia ezagutu duen edo hura ezagutzeko aukera izan duen egunetik kontatzen hasita.
2. Elkarteko gainerako kideak nor diren, sarreren eta gastuen kontuen egoera zein den eta Elkartearen jardueren garapena zein den edozein unetan ezagutzeko.
3. Batzar Nagusietan hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea baliatzeko eta, ondorio horretarako, bere ordezkaritza beste kide batzuen esku uzteko.
4. Estatutu hauen arabera, Elkarteko zuzendaritza organoetan parte hartzeko eta, beraz, organo horietarako hauteslea eta hautagaia izateko.
5. Diziplina neurriak hartu baino lehen eta soilik bazkide gisa dituen betebeharren betetze mailan oinarritu litezkeen arrazoien berri eman eta gero, idatziz entzuna izateko eskubidea du.

26. artikulua.- Honako betebehar hauek dituzte bazkide guztiak:

a) Elkartearen helburuak lortzeko lan egiteko.
b) Batzar Nagusiak edo, hala dagokionean, Zuzendaritza Batzordeak finkatutako aldian behingo kuoten ordainketaren bidez gastuei aurre egiten lagunduko du.
c) Estatutu hauek eta Elkarteko zuzendaritza organoek behar bezala hartutako erabakiak onartuko eta beteko ditu.

27. artikulua.- Estatutuak edo Batzar Nagusiak nahiz Zuzendaritza batzordeak hartutako erabakiak behin eta berriz urratuz gero, Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ahal izango ditu. 29. artikulutik 32. artikulura bitartean (biak barne) aurreikusitakoaren arabera, eskubideak 15 egunetik hilabetera galtzetik betikoz kanpoan uztera artekoak izan daitezke zigorrak. Ondorio horietarako, Presidenteak ikerketa bat egin dadila erabaki lezake zigorgarriak izan litezkeen portaerak zein diren argitzeko. Idazkariak bideratuko ditu bideratu beharrekoak, eta dagozkion neurriak hartzea proposatuko dio Zuzendaritza Batzordeari. Zuzendaritza Batzordeak izango du zigorrak jartzeko ahalmena, baina lehenik hitz egiteko aukera eskainiko zaio interesatuari. Erabaki horren aurka egin liteke, betiere arrazoituta baldin badago, Batzar Nagusiaren aurrean, baina 25. artikuluaren 1. atalean aurreikusitako ekintzak bideratu ahal izango dira.

28. artikulua.- Honako kasu hauetan utziko zaio bazkide izateari:

1) Hilez gero.
2) Bere borondatez utziz gero.
3) Zuzendaritza Batzordeak erabakitako zigorraren zioz, honako zirkunstantzia hauek geratzen badira: Estatutu hauetatik eta Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak behar bezala hartutako erabakietatik eratorritako aginduak modu larrian, nahita eta behin eta berriro betetzen ez badira.

29. artikulua.- Bazkideren batek aurreko artikuluan adierazitako azken zirkunstantziaren baten aurrean gertatzen bada, Presidenteak aldez aurreko zuzemen jakin batzuk bideratu ditzala agindu diezazkioke Idazkariari dagokion informazioa jasotzeko. Informazioa ikusirik, Presidenteak jarduerak artxibatzea agindu lezake, 27. artikuluan aurreikusitako moduan zigor espedientea abiaraz lezake edo Elkartetik kanpora uzteko espedientea. Azken kasu horretan, gertatutakoak egiaztatu ostean, idatzi bat helaraziko dio Idazkariak interesatuari, bertan adieraziko dira leporatzen zaizkionak, eta interesatuak egoki irizten duena erantzun ahal izango du bi eguneko epean; nolanahi ere den, epe hori igarota, Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilkurara eramango da gaia, eta aipatu batzordeak erabakiko du erabaki beharrekoa, bertaratuen bi hereneko “quorum”-arekin.

30. artikulua.- Elkartetik kanpora uzteko erabakiaren berri emango zaio interesatuari, eta egiten den lehenengo Batzar Nagusi Berezian erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango duela jakinaraziko zaio eta Batzar Berezi hori hiru hilabeteko epean biltzea aurreikusten ez bada, soilik aipatu erabakia hartzeko deialdia egingo da. Bitartean Presidenteak erabaki lezake akusatuak bazkide gisa dituen eskubideak galtzea, eta Zuzendaritza Batzordeko kide izanez gero, kargua uzteko agindua emango du. Elkartetik kanpora uzteko espedientea Batzar Nagusiaren aurrera eramaten bada, Idazkariak haren laburpen bat egingo du Zuzendaritza Batzordeak Batzar Nagusiari akusatuak aurkeztutako idatziaren eta gertaeren berri eman diezaion eta azken horrek hartu beharreko erabakia har dezan.

31. artikulua.- Elkartetik kanpora uzteko erabakia, betiere ongi arrazoituta egongo den erabakia, interesatuari jakinaraziko zaio, eta horrek, dagokion eskubidea baliatuta, Auzitegietara jo ahal izango du aipatu erabakia Legearen edo Estatutuen aurkakoa dela irizten badu. 33. artikulua.- Berez hala nahi izan duelako edo zigor baten ondorioz bazkide bat Elkartetik kanpora dagoela jakinaraztean, Elkartearekin bete gabe dauzkan betebeharrak betetzeko eskatuko zaio, halakorik badu.

LAUGARREN KAPITULUA

33. artikulua.- Zero pezetakoa da Elkartearen fundazio uneko ondarea.

34. artikulua.- Honako hauek izango dira Elkarteak bere jarduerak garatzeko xedean aurreikusitako baliabide ekonomikoak:

a) Batzar Nagusiak edo Zuzendaritza Batzordeak adostutako aldian behingo kuotak.
b) Dagozkion ondasunen eta eskubideen produktuak, baita legez jaso ditzakeen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak.
c) Zuzendaritza Batzordeak, betiere estatutuen helburuekin bat etorriz, erabakitako legezko jardueren bidez Elkarteak lortzen dituen sarrerak.

BOSGARREN KAPITULUA

35. artikulua.- Zuzendaritza Batzordearen ekimenaz aldatu ahal izango dira Estatutuak, edo Zuzendaritza Batzordeak berak erabakita bazkideen erdiak hala eskatzen badu. Nolanahi ere den, hiru bazkidek osatutako batzorde txostengilea izendatuko du Zuzendaritza Batzordeak Estatutuak aldatzeko proiektua idatz dezan Zuzendaritza Batzordeak adierazitako jarraibideen arabera. Era berean, Zuzendaritza Batzordeak finkatuko du proiektua amaitzeko epea.

36. artikulua.- Behin adierazitako epean Estatutuak aldatzeko proiektua idatzi denean, Zuzendaritza Batzordeak egingo duen lehenengo bilkurako Aztergai Zerrendan jasoko du Presidenteak, eta Zuzendaritza Batzordeak onartu egingo du, edo hala dagokionean, itzuli egingo du txostena berriro ere aztertua izan dadin. Onartu egiten bada, Batzar Nagusiak egingo duen hurrengo Bilkura Bereziko edo ondorio horretarako deituko den bilkurako Aztergai Zerrendan jasotzeko erabakia hartuko du Zuzendaritza Batzordeak.

37. artikulua.- Batzarra biltzeko deialdiarekin batean Estatutuak aldatzeko testua bidaliko da bazkideek egoki irizten dituzten zuzenketak bidali diezazkioten Idazkaritzari. Nolanahi ere den, zuzenketa horien berri emango zaio Batzar Nagusiari, betiere zuzenketa horiek Idazkaritzaren esku baldin badaude bilkura egin baino zortzi egun lehenago. Zuzenketak banaka edo taldean aurkeztu ahal izango dira, idatziz betiere, eta beste testu baten alternatiba jasoko dute.

SEIGARREN KAPITULUA

38. artikulua.- Honako kasu hauetan desegingo da Elkartea:

1) Bazkideek hala nahi badute, horretarako bildutako Batzar Nagusian hala adierazten badute eta proposamenak bertaratuen gehiengo absolutuaren aldeko botoa jasotzen badu.
2) Kode Zibilaren 39. artikuluan finkatutako arrazoiak baldin badaude.
3) Epai judizialak hala agintzen badu.

39. artikulua.- Elkartea deseginez gero, hori erabakitzen duen Batzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordeko hiru kidez osaturiko Batzorde Likidatzaile bat izendatuko du, eta batzorde hori arduratuko da dauden funtsez. Bazkideen eta hirugarrenen aurreko betebehar sozialak bete eta gero, ondare soberakina, halakorik balego, zati berdinetan banatuko litzateke bazkide guztien artean.

AZKEN XEDAPENAK

LEHENA.- Zuzendaritza Batzordea izango da Estatutu hauetan jasotako arauak interpretatzeko eta hutsuneak betetzeko organo eskuduna, une oro beteko du Elkarteen alorrean indarrean dagoen legezko araudia, eta onartuak izan daitezen haien berri emango dio Batzar Nagusiari, azken honek egiten duen lehenengo bilkuran.

BIGARRENA. Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak beren eskumenen esparruan eta Bosgarren kapituluan aurreikusitakoari jarraiki behar bezala hartzen dituzten erabakien bidez aldatuko dira Estatutu hauek.

HIURGARRENA. Batzar Nagusiak barne Erregimenerako Araudia onartu ahal izango du Estatutu hauek garatzeko, baina araudiak inolaz ere ez ditu Estatutuetan jasotakoak aldatuko.